viernes, 16 de febrero de 2018

Igande honetan kalea har dezagun gure natura-guneen aldeko errebeldia pozgarriarekin


Gure natur guneak eta gure baserri-auzuneak zulatzeko, zatitzeko, erdibitzeko,… LARDASKATZEKO, Espainiako Gobernuak zein Jaurlaritzak hartu duten deliberoaren kontra protestatzeko parada izango duzu datorren igandean, Bide Onera Plazan, 12:15ean. Bertan egongo gara gobernu horien erabakiaren kontra gauden auzokide guztiok. Kontuz! Gure bihurrikeria hain handia da, non ez garen konformatzen Barakaldoko erdiguneko kaleetatik ibilaldi sinple bat egitearekin; gure asmoa, protesta hori egiteaz gain, dibertitzea, gozatzea, eta dantzatzea da.  Hori guztia egingo dugu, Bilboko Itsas-portutik merkantziak ateratzeko asmatu duten Hego-Sahiesbideko Trenaren arbuioa argia baino argiagoa utzi nahi dugunok.

Ez dugu nahi gure berdegunerik garrantzitsuena merkantzia-tren zaratatsuek zeharkatuta egotea. Are gutxiago haren ibilbidea lindano-gordailuaren azpitik zirkulatu behar badu, edo Gorostitza eta Zubileta-Kastexana bezalako auzuneak zeharkatu behar baditu, bertako etxeak zein biztanleok arriskupean jartzen; Are gutxiago, iraungitze-arriskuan dauden landare espezieak suntsituz, edo gure kultura ondarea zein ingurugiroa endekatuz.

Ez dugu nahi gure etxea, GUZTION ETXEA, behin eta berriro zulatzea. Hori proposatzen dutenek, etorkizun, aurrerapen eta garapen ekonomikoa aipatzen ohi dituztenek buru zaharmindua, eta atzerakoia dute, irudimen izpirik gabekoa; hain zuzen, irtenbide egokirik eskaintzeko inolako gaitasunik ez dutelako. Gainera dena IRAUNKORTASUNAREN izenean egiten omen dute! Ba aizue! Gure ama lurraren kontserbazio, defentsa zein hobekuntza baino  iraunkorragorik ez dago.

Baina harrigarriena: gu, auzokideok, honen guztiaren aurrean, isilik eta eskuak gurutzaturik egotea nahi dute.

Triste, goibel eta grisaxka nahi gaituzte, porlan mota guztien kolorekoak, baina lehen esan dugun bezala, jende bihurria gara; gure mendietako berde guztiak geuretzat errebindikatzen ditugu, baita gure auzuneetako poza, animalien marruak eta landareen dar-dar soinua, eta gure ibai-erreken ur-musika ere … hori da gure mintzaira, eta honela esango diegu. Beraz, inauterietako mozorroa ez gorde oraindik; jantzi ezazu behin ere, edo jantzi tradizionala ekarri, edo etorri nahi duzun bezala, eta parte hartu gurekin ekitaldi koloretsu horretan.

Esandakoa: datorren igandean, 12:15ean, Bide Onera plazan, eta bihar, larunbatean, aukera eta gustukoa baldin baduzu, zatoz gurekin deialdi hori Barakaldoko txoko guztietara zabaltzeko; Zuazoko azoka egiten den lekutik 12:15ean abiatuko den kotxe-karabanan parte hartu.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

barakaldonaturala@gmail.com. Con la tecnología de Blogger.