ADIERAZPENA /MANIFIESTO


ADIERAZPENA:

Behealdean izenpetzen dugun talde, elkarte, sindikatu eta alderdiok hau adierazi nahi dugu:

1- Biziki kezkatuta gaude Barakaldoko azken gune naturalak hondatzen ari diren proiektu urbanistiko eta azpiegiturengatik.

2- Argalario, Gorostitza eta El Regato auzoak, eta Sasiburu mendikatea Barakaldoren eta inguruko herrien arnas-gune berdea dira, eta gainera, aberastasun nabarmena gordetzen dute landare, animalia eta historiari dagokienez. Bestalde, aisia-tokia izaten jarraitzen dute barakaldotar eta Ezkerraldeko herritarrentzat, industrializazioaren eta masifikazio urbanistikoaren garaitik hona.

3- Gorostitza: udalak 2.002an onartu zituen Lurzoru Urbanizagarriaren Plan Partziala eta PERI (Barruko Berrantolaketaren Plan Berezia). Onarpen horrek aukera eman zuen baserrialdeko auzo honetan eraikuntza masiboa eta espekulatiboa egiteko. Horrela, oso biztanle gutxiko auzoa izatetik toki txiki batean 200 etxebizitza eraikitzera igaro da, ia erdia txaletak.

4- El Regato: 80 familia bizi dira, baina arestian aipatutako PERIgatik 100 etxebizitza gehiago eraikitzen ari dira.

5- PERIk aukera ematen du Gorostitzan eta El Regaton eraikitzen jarraitzeko. Etxe horiek ez daude bertako bizilagunen premiei erantzuteko pentsatuta, mozkin ekonomiko espekulatiboak lortzeko baizik.

6- Eusko Jaurlaritzak El Regatoko Tellitu auzo ezaguna “Catálogo de Zonas Canterables del País Vasco” dokumentuan sartu du, eta hori aurretiko baldintza bat da Tellituko harrobia berriro ustiatzen hasteko.

7- “Super-Sur”-ak Argalario, El Regatoko harana eta Sasiburu zeharkatzen ditu, eta toki horietan triskantza handiak egingo dizkio inguru naturalari. Autobia hori garestia da, eta inguruko trafikoaren arazoa ez du konponduko. Ikus daitezkeen onurak ekonomikoak dira, obrak egiten eta finantzatzen dabiltzan enpresentzat.

8- Hegoaldeko Tren-Saihesbidea, hau da, proiektuan dagoen trenbide jakin bat, El Regatoko harana zeharkatzeko dago diseinatuta, “Super-sur”-aren parean hain zuzen, eta horrek esponentzialki handituko ditu toki horietan gauzatuko diren kalte ekologikoak nahiz barakaldotarren bizitza-kalitateari egindakoak.

9- Garapenkeria basati batek bakarrik eragin ditzake ingurunearen kontrako eraso horiek guztiok. Hauek dira garapenkeria basati horren ondorio batzuk:

- Hondamen ekologikoa ekarriko die aipatutako tokiei, eta galaraziko du inguru horiek beren aberastasunaren eta aukeren arabera garatzea. Orobat, beste jarduera batzuk oztopatuko ditu, hala nola abeltzaintza eta landa-turismo jasangarria.

- Kalte egingo dio Barakaldoko eta Ezkerralde osoko biztanleen bizitza-kalitateari.

- Gure seme-alabek ez dute aukerarik izango toki hauek geuk ezagutu ditugun bezala ezagutzeko eta gozatzeko.

10- Horregatik, hauxe eskatzen diegu erakunde publikoei:

- BARAKALDO UDALARI: El Regatoko eta Goroztitzako eraikitze masiboa geldi dezala, egindako kalteak konpon ditzala eta PERI indargabetu dezala; orobat, inguru horiek benetan babesteko PERI bat onar dezala.

- BIZKAIKO FORU-ALDUNDIARI: Super-Surra egiteko lanak geldi ditzala eta, eragile sozialekin batera, planak egin ditzala gure ondare naturalari erasotzen ez dion garraio-sare bat garatzeko, trafikoaren arazoa konpontzen duen bat hain zuzen.

- EUSKO JAURLARITZARI: Tellitu “Catálogo de Zonas Canterables del País Vasco” dokumentutik atera dezala, eta berma dezala toki horretan ezin izango dela inoiz harrobirik ustiatu.

- AIPATUTAKO ERAKUNDE GUZTIEI: eragile sozialekin batera, BARAKALDOKO GUNE NATURALAK BENETAN BABESTEKO PLANAK EGIN DITZATELA (Sasiburu, Peñas blancas, Larratzabalgo basotxoa, Agirtzako arroila, Castaños eta Loiola ibai eta erreken ibarrak, Etxebarrietako eta Gorostitzako urtegien ibarrak, Castaños auzoaren eta El Regatoren arteko bidea, Lutxana Mining eta Orconeraren mehategietako bideak, Tellaetxeko parkea, Argalarioko atsedenlekua, Arnabalgo meategien ingurua, Errontegi mendia eta Mansion parkea, Munoako basotxoa…), horrela, gune naturalok babes-araurik egokiena izan dezaten. Eta oraintxe bertan egiteko eskatzen dugu, alferrik babesten baita, edo ia ezertarako ez, guztiz hondatuta dagoena edo konponezina dena.

- SUSTAPEN MINISTERIOARI: berriro azter eta geldi dezala Hegoaldeko Tren-Saihesbidea (“Variante Sur Ferroviaria”) proiektua, eginda dauden trenbideak aprobetxatuz eta aukera emanez bateragarriak izan daitezen, batetik, tren-bidezko merkantzia-garraioa, errepideetakoa baino ekologikoagoa baita, eta bestetik, natur balio nahiz ondare historikoaren iraupena.

11- Helburu horiek lortzeko, behealdean izenpetzen dugun taldeok, elkarteok, sindikatuok eta alderdiok inguruneko eraso horiek berehala gelditzeko eskatzen dugu, eta era berean eskatzen dugu Barakaldoko eragile sozialekin gaiok eztabaidatzeko, berandu baino lehen gure gune naturalak benetan babestuak izan daitezen.

12- Barakaldoko herritar guztioi parte hartzera deitzen dizuegu, hala Koordinadora honetan nola Koordinadorak antolatutako jarduera eta mobilizazioetan, baita zuen sinaduraz Adierazpen honetan jasotako eskarien alde agertzera ere.
Barakaldoko Gune Naturalen Aldeko Koordinadora.

Kareagako, El Carmengo eta San Bizenteko auzo-elkarteak, Esparta Espeleologia taldea, Barakaldoko Alpino Taldea, Barakaldoko Lagunak, Izate Ingurugiroaren Taldea, Ekologistak Martxan, Eguzki, Ezpitsua, Barakaldoko Gazte Asanblada, Iratzarri-Aralar Gazteak, ANV, Aralar, EB-Berdeak.

Barakaldon, 2.008ko apirilaren 10ean.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

barakaldonaturala@gmail.com. Con la tecnología de Blogger.